ANTONI ETA ANTON
[Herrikoia / Nemesio Etxaniz]
[Partitura]
[Musika entzun]

Antoni! Antoni!
Zure atean nago ni.
Ai, Anton! Ai, Anton!
Ate ondoan, hor konpon.

Hormatxoriak negu gorrian
ez du atsegin elurra:
zerua goibel, kabia hotza
eta janari gabe lurra.
Ai, maite, nire bihotzak duen
zure hotzaren beldurra!
Biontzat kabi bat berotzeko
bilduko nuke egurra.

Antoni! Antoni!...

Enarak ez du behin egindako
kabirik inoiz aldatzen:
urtero beti kabi aretan
umeak ditu bazkatzen.
Baina zu, Anton, enara txarra
zaitut niretzat bilatzen;
jai bakoitzean nexka berria
ikusten zaitut maitatzen.

Antoni! Antoni!...

Enarak ere bere kabia
galduta badu ikusten,
biderik gabe, haruntz eta honuntz
kabitik du aldegiten.
Egarri dagoen nire bihotza,
zuk eman ezik edaten,
berriro ere ibiliko da
gogorik gabe nonbaiten.

Antoni! Antoni!...

Zure bihotza egarri dela
esan didazu bertsotan;
neronek ere ikasia dut
arrazoi duzula hortan.
Zu beti zabiltz edari bila,
ikusi zaitut askotan,
baina neurriz gain egarri hori
itotzen duzu ardotan.

Antoni! Antoni!
kalabaza zale ez naiz ni.
Ai, Anton! Ai, Anton!
Haize freskoari, gabon!

IRATIKO BASOILARRA
[Joxe Austin Arrieta / Imanol]

Nik banizun herkide bat
izenez ere kidea
bardo ibiltari herririk herri
ilusio-saltzailea
xirula-jolea
amets-egilea:
partitua da berriki.

Hamelinen haurrik ez da
denak ibaian itoak
erresinulak Saraitzun barna
tolestu ditu hegoak
Ormazabalgoak
laztanduz erroak:
Garxoten bizi-aztarna.

Iratiko basoilarra
garrazki da isildua
bere burua goroldiotan
ehortzi du etsitua:
zu zinen bildotsa
otsoek gaitzetsa
hilobira bultzatua.

Euskal Herriko semea
Donosti hontan jaioa:
hiri ankerrak erauzi zizun
oihanaren jarioa
karrikan betizu
inork ez ulertu
zure sofrikarioa.

Hala ere gau 'erdian
zutaz oroit nadinean
tartetxo umila utziko dizut
neure ganbara pobrean:
hantxe entzungo dut
adi, erne'ta zut
zure doinua aidean.
-----------------------
"Poetak debalde gara"
beste batek da esana
xirulak ez dezake deus egin
ordenadore-andana
eta robotekin
behar dugu jakin
dagigula alfer-lana.

ENE BEGIEK
[Joseba Sarrionandia / Ruper Ordorika]

Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik,
denik eta bizitza bakarra bizi dutelako. Entzun,
astiro doa denbora, idi gorrien gurdi hori.
Begira erlojuetako orratzak uneka herdoiltzen.
zenbat gauza utzi dudan estarta bazterretan
edo laku urdinen hondoan, bizitza bakarrean,
eta zenbat aldiz galdu naizen behelainotan
basoilar izateko ametsetan dabiltzan kurloiekin.
Ene desirak iada ez dira habia abandonatuak besterik
ene bihotzean. eguzkia gurpil ahul bat da.
Ez dezadan gehiago entzun, begiratu, ez pentsatu,
bizitza hau bakarra delako, gal ez dadin, ibili ez
eta senditu ere ez, harriak legez izan nahi dut,
mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua,
lekua besterik ez izan, hurrin deritzan aberrian.

Entradas antiguas